skip to Main Content
Kontratazioa: management@enkore.eu · 659 97 58 20
KANALA  Prentsaurrekoa

KANALA prentsaurrekoa

Aurreko otsailaren 20an “Kanala” gure disko berria aurkeztu genuen Bilboko Elkar Aretoan. Han izan ginen taldekideak eta diskoetxeko arduraduna den Anjel Valdés lan berri honen inguruan medioen aurrean hitz egiten. Bertan esandakoa laburbilduz:

“Musika taldeen belaunaldiak bata bestearen atzetik datoz kateaturik, euren estiloak, aro bakoitzeko gizartearen arabera egokitzen eta moldatzen, kantuaren komunikazio indarrak bere horretan dirauen bitartean. Abestien ahal emozionala eta komunikatiboa, alegia, ez dago garaien ala estiloen baitan, baizik eta, edozein dela estiloa, publiko zabala hunkitu ahal izateko, kantuak barruan daraman berezko gogo-ahalmenan animikoaren baitan.

Musikaren etengabeko garapenean, zenbait taldek abilezia berezia erakutsi eta erakusten dute gure bihotzaren inguruan eraiki dugun beldurrezko eta zalantzazko harresia puskatzeko. ENKORE, jite horretako taldea dugu.

Txikitatik lagunak dira: elkarrekin hazi, ikasi, bizi eta sentitu dute. Batera eraiki zuten musikarekiko zaletasuna eta urte askoan, egunero oheratu izan dira rock talde bat izatearen ametsarekin, egunotan bizi duten amets horrekin alegia. Ez dakite noiz arte iraungo dien, ez dakite noiz esnatu beharko duten. Badakite ordea, kontzertu bakoitza berezia egin nahi dutela, oholtza gainean izerditan blai publikoarekin bat egin eta bizitza honetan gehien gustatzen zaien horretaz gozatu nahi dutela. Haien ametsengatik borrokatuko duten dudarik ez da.

Azken urteotan sortutakoa izanik, sekulako kurrikuluma eta ezohiko eskarmentua dakartzate eurekin batera; Bilboko Errekalde auzoan jaio zen 2009an, 2011an Gaztea Maketa Lehiaketako epaimahaiaren saria irabazi zuten, Euskal Herrian, Espainian eta Europan jo dute, Ep bi eta single bat autoekoiztu dituzte eta 2012an euren lehen diskoa eman zuten argitara (“Faktore komunak”). Disko honetako singleak berehala barreiatu ziren, taldearengana publiko berriak ekarriz.

Euren oinarrien erreferentzia musikalak, 80. hamarkadako amerikar hardcore-rock banden berpizkundearekin topatzen ditugu: pitzadurarik gabeko abestiak, zuzenak, lelo eraginkor eta berehalakoak, eta doinu freskoetan naturalki uztartzen diren ahots joko landuak. Guzti honen ondorioz, lau musikari eta konposatzaile handi hauen eskutik proposamen modernoa datorkigu, erakargarria bezain heldua.

“KANALA” (Oihuka-2014) dugu ENKORE taldearen disko berriaren izenburua, energiaz eta kantu bizigarriz osoturikoa, publikoarengana bihurgunerik gabe iritsiko den lana.

Diskoak aurkezten dituen 10 kantuetan, lan homogeneo eta iraunkorra dakusagu, eta horren bitartez, taldeak berak bizitzarekiko duen jarrera ere sumatzen dugu era argian. Bizitza, ez baita inolaz ulertzen lengoaia musikalik gabe, batzuetan sendoa eta zuzena, bestetan samurra eta ameslaria, beti hurbila.

Lehen singlea, “AIREA” adrenalina kontzentratua da: azkarra, eguzkitsua eta adierazkorra, koloretan aberatsa eta sentimenduan sakona, harresi guztiak txikituko dituen disko handi batean aurrekaria.”




Leave a Reply

Back To Top