skip to Main Content
Kontratazioa: management@enkore.eu · 659 97 58 20
AHAZTEZINA

AHAZTEZINA

Urrian, 5 hilabeteko atsedena hartzea erabaki genuen, disko berria prestatu eta eszenatokietara indarberriturik bueltatzeko. Eta indarra izan zen ostiralean “Kanala”ren aurkezpen kontzertuan eman eta jaso genuena: indar positiboa eta sentimenduz beterikoa.

20:30etan RockStar aretoko ateak ireki ziren eta lehenengo momentuan 150 pertsonatik gora sartu ziren Smoke Idols taldearen kontzertuaz gozatzera. Gu, nerbioso, kamerinotik entzuten genituen gure lagunen kantuak eta publikoaren txaloak. Hauek bukatu eta Ianek, managerrak, 10 minutu genituela esan zigun, aretoa betetzen hasia zela eta ezin genuela askorik itxaron irteteko. Gure betiko errituala egin eta bat, bi, hiru… eszenatokira!

RitualZirrara ikaragarria egin zigun ehunka lagunen txalo eta oihuek bost hilabeteren ostean tauletara ongietorria ematen. Managerrak arrazoi zuen, aretoa jendez lepo. Tartean, lagun eta senideak data garrantzitsu horri kale egin barik. Lehenengo akordea, hainbeste denboraren ostean ez geunden hain herdoildurik… Gitarra batek arazoak eman zizkigun baina Iker backlinerrari esker emanaldiak bere erritmoa jarraitu ahal izan zuen, konturatu orduko kontzertu erdia emanda genuen. Une batez, aretoko argiak piztu zituzten eta kontrolean Mikel Masa taldearen soinu teknikaria eta Jagoba Ormaetxea produktorea ikusi genituen, irribarre konplizea haien aurpegietan, kontzertua oso ondo zihoan seinale. Beste kanta bi eta atseden hartzeko unea, kamerinora berriz txaloek babesten gintuztela.

BackKamerinoan Gaizka roadmanagerrak eta Patxi promotoreak hartu gintuzten, giro itzela zegoela eta gau hura bizitza osorako gogoratuko genuela esan ziguten. Horrela izango den zalantza izpirik ez.

Hardcore2 Ur trago bat eta oholtza gainera azkeneko abestiak jotzera. Izerditan baina pozik, publikoaren ahotsek gortu egiten gintuzten eta haiekin saltoka agur esateko momentua heldu zen. Beste bat, beste bat… Eta gaueko momenturik hunkigarriena heldu zen: publikoa taula gainera gonbidatu genuen eta kabitzen ziren lagun guztiak igo ziren amaierako kanta gurekin bizitzeko.

SapesapeAhaztezina, zinez, zuek ENKORE zarete!

Argazkiak: Gorka Pertika

Leave a Reply

Back To Top